XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alferrik saiatzen gara ulertzen sentipenaren eta pentsamenduaren hastapena; honek higiduraren menpeko dirudi, baina, hala ere, desberdintzen da berataz nahiz ekaiaz; zaila baita guretzako bururatzea nola ateratzen den higidura horretatik pentsamendua, hala nola, alderantziz, pentsamendutik higidura.

Baina gure ustez pentsamendua da behinena, eta izakirik benetazkoentzat hartzen dugu; berataz jabetzen garenez bere existentziaz bakarrik dugu segurtasuna.

Gainerako guztia ametsa edo geriza izan daiteke.

Baina sentipen hutsa geratzen da, arrazoimenak irauten du, eta pentsamenduak gordetzen du bere izatearen lehentasuna.

Horrela jabetzen gara, nolabait, jatorrizko eta betiereko pentsamendu existente honetaz, eta geurea horretatik ondorioztatzen dugu.

Hortik sentigarritasunaren gainetik dauden izakien existentziaz dugun segurtasuna, eta baita ere zureaz (lan guztien eredu) eta zuregandik datorrenaz; egia osoa eta perfektua azaldu diguzu gure ariman biziz.

Zu jatorrizko arima hori, hedakorra, gauza guztietan bizi zarena, guztiaren iradokitzaile!

Naturaren miresgarritasun guztiek euren egilearen ideia hori goraipatzen eta osatzen dute.

Horrela ematen digu bera ikusteko eta berarekin hitz egiteko aukera, gure ahultasunari egokiago zaion era batean.

Zein den aintzagarria berari begiratzea guri agertzen zaigun lanik nobleenean, munduaren sistema handian!

Dagoeneko onartu behar dut niretzako oso atsegingarria zela ohartzea gure gogoeta aurrera zihoala eta filosofia korapilatsu bat baztertzear geundela.

Nik bururatu nuen Teokle, bere ihardunarekin jarraitzen zuelarik, naturari hurbiltzen ari zitzaiola, izan ere, munduaren mugetara heldua baitzen.

Eta hemen nik ongi etorria emango niokeen, baina iruditu zitzaidan ez zela zuhurra bere esana moztea.